XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Atxitarteko proiektu alternatiboa jadanik Parlamentuaren esku dago

Gobernuak atzo igorri zuen eta alderdiei dagokie azken erabakia.

Nafarroako Gobernuak atzo bertan igorri zion Parlamentuari Atxitarten egin daitekeen hobekuntza teknikoari buruzko proiektua.

Gobernua horren alde dagoela antzematen da, baina alderdiek izango dute azken hitza.

Juan Cruz Alliren exekutiboa bizkor ibili da Parlamentuko alderdien agindua betetzen.

Hauek ostiralean eskatu zioten autobidearen Atxitarteko zatian egin daitekeen aldaketari buruzko proiektua eta Gobernuak, eskaera atzoko bileran onartu ondoren, berehala igorri zuen Parlamentura.

Proiektu alternatiboa ofiziala baino 272 milioi pezeta (15 milioi libera inguru) gehiago kostako da, Lopez Borderias Herrilan sailburuak jakinarazi zuenez.

Horren esanetan, proiektu honekin, ez legoke Larraun ibaia desbideratu beharrik.

Seiehun metroko harresiaren ordez, zutabe bakarrak eutsiko lioke autobidearen plataformari.

Honela, mendiei kendu beharreko 33.000 metro kubikoak ez genituzke ukituko.

Proiektua igortzeko eskaera Izquierda Unida eta Herri Batasunak egin zuten eta UPNren aldeko botoa jaso zuen.

PSN-PSOE, berriz, kontra azaldu zen, neurria gogor kritikatu zuelarik, eta EA abstenitu egin zen.

Proiektua Javier Otano Parlamentuko buruak dauka orain eta alderdiek jasotzen dutenean beraiek erabaki beharko dute, Herrilan batzordean, proiektu ofizialarekin segitzen duten ala aldaketari ekiten dioten.

TRAMITEEN BIZKORTASUNA NABARI DA

Gobernuak Parlamentuaren aginduak betetzen dituela eta proiektu alternatiboaz iritzirik ez daukala adierazi zuen Lopez Borderiasek.

Dena dela, exekutiboa eta UPNren irizpideak azaltzerakoan nahiko argi utzi zuen horien jarrera: Gobernuak eta UPNko exekutibaren ustez, Larraun ibaia ez ikutzeko egiten diren ahalegin guztiak onak dira autobidearentzat.

Antzematen denez, UPNk aldaketaren aldeko botoa ematen badu, horrek aurrera egingo du Parlamentuan, IU eta HBren botoak ziurtatuta dauzka eta.

Beharrezko tramiteak agudo egingo dira, Lopez Borderiasek aditzera eman zuenez, Gobernuarentzat lehentasuna duelako lanak lehenbailehen hasteak .

Izan ere, Atxitarteko lanak uda partean egin behar dira, ibaiak ur gutxi daramanean.

Ondorioz, Parlamentuak ahaleginak egingo ditu proiektu aldaketa uztailean lotuta uzteko, abuztuan oporrak hartzen ditu eta.

Lspez Borderias, Allirekin batera, autobideko lanetara eginiko bisitaldian